Azpeitia, 2026ko uztailaren 23(a)
AZPEITIKOOP-EN BAZKIDETZA
Azpeitiko ekosistema kooperatiboan parte izan nahi al duzu? Kooperatibismoa indartu eta etorkizun kolektiboagoa eraikitzen lagunduko duzu. Zure ekarpena ere garrantzitsua da.
Bazkidetza figurak
Kooperatibak (Bazkide erabiltzaileak). Tokiko kooperatibek AzpeitiKoop kooperatiban bazkidetzeko aukera daukate. Dagoeneko hainbat badira; hain zuzen, AzpeitiKoop-en eratze prozesuan parte hartu duten batzuk. Harreman gehiago egiten gabiltza.
Norbanakoak eta elkarteak (Bazkide kolaboratzaileak). Norbanakoak eta elkarteak ere izan daitezke bazkide.
AzpeitiKoop-eko langileak (Lan bazkideak). Bazkidetzako hirugarren hanka, AzpeitiKoop-eko langilea(k). Momentuz, langile bat dago kooperatiban.
Datorren udazkenean hasiko dugu beste kooperatiben, norbanakoen eta elkarteen lehenengo bazkide kanpaina; egon erne!
Erabakietan, adostasuna
Hain zuzen, hiru bazkide figuren artean (kooperatibak, norbanakoak-elkarteak eta langilea), bazkideen Batzar Orokorrean inork ez du %50 baino gehiago, AzpeitiKoop-en estatutuek hala zehaztuta. Hortaz, erabakiek blokeen arteko adostasuna beharko dute. Parte hartzea, gardentasuna, elkarrizketa, eztabaida, adostasunak…; horiek dira proiektu honen balioak.
Kontseilu Errektorea
Gaur-gaurkoz, AzpeitiKoop-en Kontseilu Errektorean hiru kide daude; hain justu, bazkidetza figuratako ordezkari bana: kooperatiba bateko kidea, norbanako bat eta langilea. Dena dela, behin-behineko Kontseilu Errektorea da. Izan ere, udazkenean lehen bazkide kanpaina publikoa hasiko dugu, eta 2027ko bazkideen ohiko Batzar Orokorrean sorrera fase honetako bazkidetza prozesua osatutzat joko da, gero ere bazkideak (kooperatibak, norbanakoak, elkarteak) har daitezkeen arren. 2027ko batzarrak erabakiko du gaur egungo kontseiluan aldaketak egitea ala ez, eta kontseilua kide gehiagorekin osatzea ala ez.
