“Balio erantsi handia du proiektuak”

(2026-6-4) AzpeitiKoop-en aurkezpenean solasaldi bat ere izan da, gazte ekintzaile baten, kooperatibista beterano baten eta Iraurgi Berritzeneko arduradun baten artean. Kooperazioa, transmisioa, ekintzailetasuna, kompromisoa eta eraldaketa bezalako balioak aipatu dituzte.

Joane Korta, Alazne Larrañaga eta Jose Ignazio Otaegi solasaldiko hizlariak eta Enekoitz Esnaola kazetaria, gaur, Basazabalen, AzpeitiKoop-en aurkezpen ekitaldian.

Hauek aritu dira AzpeitiKoop-en aurkezpen ekitaldiko solasaldian:

  • Joane Korta: azpeitiarra, AzpeitiKoop-en sorrera prozesuan talde eragilean ibili zen, Guka-ren UKT kooperatibako langile izan zen eta gaur egun Tokikom euskarazko herri hedabideen elkarteko langilea da.
  • Jose Ignazio Otaegi: azkoitiarra eta Azpeitiko bizilaguna, Lan Mobel kooperatiban urteetan aritu zen lanean eta gaur egun erretiratuta dago.
  • Alazne Larrañaga: azkoitiarra, Iraurgi Berritzen bailarako garapen agentziako Ekintzailetza eta Merkataritza koordinatzailea eta AzpeitiKoop-en sorrera prozesuaren berri izan zuen. 

Joane Korta

  • “Balio erantsi handia du ikusten diot AzpeitiKoop proiektuari. Jatorriari dagokionez, ez da izan norbanako edo enpresa batek sortutakoa, baizik eta parte hartze prozesu baten emaitza izan da. Herri mailako proiektu bat da eta herri eragile mota desberdinek hartu dute parte”.
  • “Egitekoa ez da kooperatibak sortzea bakarrik izango; kooperatiba berriei lagunduko zaie. Bestetik, Azpeitian kooperatiba asko daude, haien arteko kooperazioa ere lortu nahi du AzpeitiKoop-ek, eta balio handia du horrek ere”.
  • “Ekintzailetza beti ardura batekin lotuta dago, eta ardura, arriskuarekin askotan. Baina gauzak dauden bezala uzteak edo gauzak ez egiteak ere arriskua dakar. Belaunaldi berrien artean, gaurko ziurgabetasun egoeran, pixka bat gehiago kostatzen da erronkei aurre egitea, baina aipatu dudan ardura hori parteka daiteke kooperatibismoan, eta eredu egokia izan daiteke ekintzailetasunari bidea ireki ahal izateko”.

Jose Ignazio Otaegi

Ikasketak bukatu eta Azpeitiko Lan Mobel kooperatiban lanean hasi zen 1980ko hamarkada hasieran, eta esan zuen Azpeitian aurkitu zuen ekosistema kooperatiboarekin liluratuta geratu zela. “Oso gustura” sentitu zen kooperatibismoaren arloan lanean, eta uste du gazteei horren balioak transmititu behar zaizkiela, ikastetxeetako ekinbideen bitartez.

Alazne Larrañaga

  • “Azpeitiaren elementu bereizgarri bat da kooperatiben presentzia askotariko jardueratan: hezkuntzan, elikaduran, kirolean, industrian, lehen sektorean…, eta horrek herrian dagoen izaera eta konpromiso maila adierazten du kooperatibismoak dituen balio horiekiko. Horren isla bat da”.
  • “[Gaur egun Iraurgi Berritzen-en aurkezten diren egitasmo berriak batez ere zerbitzuen alorrekoak direla eta] Egungo gizartean, oinarrizko beharrak asetzen direnean, beste behar batzuk sortzen dira, eta hor kokatzen da zerbitzuen leheneste hori, eta azken urteetan guk horrela ikusi dugu. Orain urte batzuk merkataritza jarduera zen nagusi, eta orain, aldiz, zerbitzu enpresak sortzen dira; bereziki, osasuna eta ongizatearen inguruan”.
  • “Kooperatibismoa ez da bakarrik balio multzo bat, baizik eta bizitza ulertzeko modu bat, gizartea beste modu batera eraldatzeko nahi bat”.

Enekoitz Esnaola kazetariak gidatu zuen solasaldia.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude