Kooperatibista berrientzako harrera plana, martxan

(2026-11-2) Azpeitikoop-ek kooperatibista berrien lehen 90 egunetarako harrera eta jarraipen prozesu egituratua landu du Lurgintzarentzat. 2026a amaitu aurretik beste kooperatiba batentzat harrera plana egiteko asmoa du Azpeitikoop-ek, eta 2027an segituko du beste batzuentzat egiten. Lurgintzaren egoitzan eman dute prentsaurrekoa bi kooperatibek.

Bittor Sanchez Lurgintzako lehendakaria, Mikel Ugarte AzpeitiKoop-eko Kontseilu Errektoreko kidea eta Nerea Alonso Lurgintzako arduraduna, azaroaren 2an, Lurgintza kooperatiban, harrera plana aurkezten.

AzpeitiKoop-en hitzartzea (Mikel Ugarte langile eta Kontseilu Errektoreko kidea)
Gaur AzpeitiKoop-ek Lurgintza kooperatibarentzat landu duen kooperatibista berrientzako harrera plana aurkeztu nahi dugu. Egitasmo honen helburua kooperatiban sartzen diren bazkide berriei hasierako pausoak erraztea da, lehen unetik kooperatibaren parte senti daitezen eta bertan modu aktiboan parte hartzeko behar dituzten baliabideak izan ditzaten.

Harrera plana AzpeitiKoop-en lan ildoetako baten barruan kokatzen da. AzpeitiKoop Azpeitian kooperatibismoa indartzeko sortutako proiektu kolektiboa da, herriko kooperatiben, erakunde publikoen, eragile sozialen eta norbanakoen arteko elkarlana sustatzeko asmoz. Gure helburua kooperatiba komunitatea osatzea eta sendotzea da, kooperatibismoaren balioak zabalduz eta herriaren garapen sozial eta ekonomikoari ekarpena eginez.

Azpeitian kooperatibismoak tradizio eta presentzia handia du. Askotariko kooperatibak ditugu herrian, aspaldi sortutakoak eta berriagoak. Baina kooperatibismoa indartzeko ez da nahikoa kooperatibak sortzea edo martxan mantentzea. Kooperatibismoaren balioak transmititzea, bazkideen parte hartzea sustatzea eta komunitate izaera indartzea ere ezinbestekoa da.

Ikuspegi horretatik sortu da harrera plana. AzpeitiKoop-en 2026rako aurreikusitako ekinbideetako bat da, eta Lurgintzarentzat egin dugu aurrena, berekin elkarlanean. Hain zuzen, AzpeitiKoop-eko sortzaileetako eta bazkideetakoa da Lurgintza.

Azpeitian kooperatiba batzuek badute euren harrera plana. Oso gutxik dute, ordea. Ez dutenentzat egitea erabaki du AzpeitiKoop-ek, eta aurreneko lan hau oinarri garrantzitsua izan daiteke. Aurten bertan beste kooperatiba batentzat egiteko asmoa dugu, eta 2027an segituko dugu beste batzuentzat egiten.

Lurgintzaren hitzartzea (Bittor Sanchez)
Lurgintza 1971an sortutako nekazaritza kooperatiba da, baserritarren beharrei erantzuteko eta lehen sektoreari aholkularitza zein bestelako zerbitzuak eskaintzeko. Ibilbide luzea duen kooperatiba da, eta bazkide berrien integrazioa lantzea bereziki garrantzitsua da guretzat, kooperatibaren ezagutza, funtzionamendua eta balioak belaunaldi berriei transmititzeko.

Izan ere, kooperatiba bateko bazkide izatea ez da zerbitzu batzuk jasotzea soilik. Proiektu kolektibo baten parte izatea ere bada, eta horrek eskubideak, konpromisoak eta erabakietan parte hartzeko aukera dakartza. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu bazkide berriek hasieratik jakitea zer den kooperatiba, nola funtzionatzen duen, zer baliabide dituzten eskura eta nola parte har dezaketen bertan.

AzpeitiKoop (Mikel Ugarte)
Harrera planaren ezaugarrietara joz, AzpeitiKoop-ek kooperatibista berriaren lehen 90 egunerako harrera eta jarraipen prozesu egituratua landu du Lurgintzarentzat. Planak lau ardatz nagusi ditu: orientazioa, harremanak eta loturak sortzea, autonomia garatzea eta parte hartzea sustatzea.

Horretarako, bazkide berriak Lurgintzaren historia, egitura, zerbitzuak eta harreman sarea ezagutzeko aukera izango du. Era berean, bere eskubideak eta konpromisoak ezagutzea, zalantzak argitzeko erreferente bat izatea eta kooperatibaren eguneroko dinamikan pixkanaka integratzea aurreikusten da.
Hiru hilabeteko prozesuan, jarraipen bilerak ere aurreikusten dira, bazkide berrien beharrak identifikatzeko, zalantzak argitzeko eta harrera etengabe hobetzeko.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude