Lankidetza hitzarmena sinatu dute AzpeitiKoop-ek eta udalak

(2026-6-29) AzpeitiKoop-ek Azpeitiko udalaren 20.000 euroko laguntza jasoko du Azpeitian kooperatibismoa sustatu eta gara dezan. Alkateak eta kooperatibako Kontseilu Errektoreko kide den Mikel Ugartek izenpetu dute akordioa. (albistea: Guka)

Mikel Ugarte AzpeitiKoop-eko Kontseilu Errektoreko kidea eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, ekainaren 24an, udaletxean, lankidetza hitzarmena sinatzen.

AzpeitiKoop kooperatibak eta Azpeitiko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute, “Azpeitian kooperatibismoa sustatzeko helburu komunean” proiektuak eta jarduerak gara ditzan. Akordio honi esker, besteak beste, Dinamoan udal espazio bat erabiltzeko baimena eta diru laguntza zuzena eskuratu ditu AzpeitiKoop-ek.

Kooperatibismoa eta ekonomia soziala bultzatzea, eta Azpeitiko ehun ekonomiko eta soziala indartzera bideratutako ekimenak sustatzea ditu xede AzpeitiKoop kooperatibak. Horrenbestez, udalak azaldu duenez, interes publikoko, sozialeko eta ekonomikoko arrazoiak daude, proiektuari udal laguntza eta lankidetza ematea justifikatzen dutenak.

Akordioarekin, besteak beste, Soreasuko Dinamoan dagoen udal espazio bat erabiltzeko baimena izango du AzpeitiKoop-ek, gehienez lau urterako, bere jarduna garatzeko eta ekonomia nahiz gizartea dinamizatzeko, elkarlana sustatzeko eta ekonomia sozialaren balioak bultzatzeko jarduerak gauzatzeko. Halaber, 2026ko ekitaldian proiektuaren garapena finantzatzeko 20.000 euroko diru laguntza zuzena emango dio udalak AzpeitiKoop-i.

Hain justu, hilaren 24an izenpetu zuten hitzarmena alde biek. Mikel Ugarte AzpeitiKoop-eko Kontseilu Errektoreko kidea eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea bildu ziren akordioa sinatzeko.

(Horrez gain: Sorrerako adierazpena,  AzpeitiKoop-eko Kontseilu Errektorearen hitzartzea aurkezpenean, Nagore Alkorta alkatearen hitzartzea aurkezpenean)

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude