Prozesu zabal baten ondorioz sortutako proiektua

2022an egin ziren lehen bilerak, ikusteko zer iritzi eta giro zeuden. 2024ko udazkenean hasi zen prozesua, eta 2025eko ekainean bukatu, proiektua onartuta. Aurten langile bat hasi da, eta apirilean urteko ekintza plana ontzat jo zen.

2024ko abenduaren 3ko sareko batzarra, Azpeitian, Basazabal jauregian.

2021: ‘Herri ekimena eta kooperatibismoa’ jardunaldia eta ondorioak

2021eko urrian Herri ekimena eta kooperatibismoa nazio jardunaldia izan zen Azpeitian, Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak antolatuta. Euskal Herriko udalerri askotako jendea izan zen topaketan. Lehenik, David Fernandezek (Kataluniako Coop57) kooperatibismoaren hausnarketa bat egin zuen, eta, ondoren, Euskal Herriko lau esperientzia praktikotako ordezkariek hitz egin zuten: Ioritz Aizpuruk (Elikagunea, Azpeitia), Cristina Etxegoienek (Erreka Group, Mondragon korporazioa), Gartzen Garaiok (Ekintza Faktoria, Aiaraldea) eta Naroa Elortzak (Goiener, Euskal Herria).

Hilabete batera, Herri ekimena eta kooperatibismoa jardunaldiaren antolatzaileek hainbat ondorio atera eta argitaratu zituzten.

Sanagustin kulturguneak 10 urte Herri Batzordeak 2021 bukaeran amaitu zituen bere lanak. Handik, ordea, kooperatibismoaren gaiaz hitz egiten segitzeko talde bat sortu zen, eta Azpeitian sare kooperatiboa ehuntzeko eta kooperatibismoaren balioak zabaldu eta indartzeko asmo bat atera zen.

2022: lehen bilera sorta eta batzarra

Asmo hari forma txiki bat eman, eta 2022an Azpeitiko kooperatibekin bilera sorta bat egin zuen aipatutako taldeak, banaka, ikusteko zer iritzi eta giro zeuden. Baikorra izan zen emaitzan, eta denen artean batzar ez-publiko bat egin zen gero. Udal gobernuak (EH Bildu) eta EAJren udal taldeak ere hartiu zuten parte bilkuran.

Hala, garrantzitsutzat jo zen herriko ekosistema kooperatiboak elkar ezagutza izatea eta sarea osatzea.

2024: prozesuaren hasiera

Asmoa 2023an geldirik egon ondoren, prozesu bati ekin zitzaion 2024ko udazkenean. Talde eragilea sortu zen, eta sarea osatu: herriko kooperatibak, udala, norbanakoak eta Mondragon Unibertsitatea. Iraurgi Berritzen Urola bailarako garapen agentziarekin ere hartu-emana izan zen, eta Euskal Herriko beste eragile batzuekin ere bai.

2025: proiektua onartu

Eragileekin hainbat bilera eta bestelako hartu-emanak izan ondoren (horrez gain, asko landu zen barne komunikazioa), sareko hiru batzar ez-publiko egin ziren prozesuan:

  • 2024ko abenduaren 3an, batzar informatiboa, Azpeitiko eta bailarako diagnostiko sozio-ekonomikoa aurkezteko eta prozesua nola zihoan azaltzeko.
  • 2025eko martxoaren 11n, proiektuaren gako nagusiak onartzeko.
  • 2025eko ekainaren 30ean, proiektua onartzeko (onartu egin zen dokumentua, eta azpeitiKoop kooperatiba sortzea erabaki).

2026: ekintza plana ontzat jota, martxan

2025eko udazkenean azpeitiKoop sortzeko lanak egin ziren: kapitala, estatutuak, jarduera ekonomikoa… Urte bukaeran langilea hartu zen deialdi publiko baten ondoren, eta 2026ko urtarrilean hasi zen lanean.

2026ko lehen lau hilabeteetan urteko ekintza plana prestatzen egon zen talde eragilea, aurreko urteko ekaineko batzarrean onartutako dokumentuari jarraiki (ildoak eta egitasmoak, finantzazioa, egitura…), eta joan den apirilaren 27an sareko batzarrean ontzat jo zen urteko ekintza plana.

Ekainaren 4an izan da azpeitiKoop-en aurkezpen publikoa, Basazabal jauregian, ekitaldi baten bidez.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude