AzpeitiKoop-ek eta LABORAL Kutxak lankidetza hitzarmena sinatu dute

(2026-11-6) 2028 bukaera arteko akordioa da. Finantza entitateak diruz lagunduko ditu AzpeitiKoop-ek sustatuta edota lagunduta herrian sortzen diren kooperatibak. AzpeitiKoop-i urtero 2.000 euro emango dizkio eta bazkide egin da.

Argazkian, Mikel Ugarte AzpeitiKoop-eko Kontseilu Errektoreko kide eta langilea eta Jennifer Orbegozo LABORAL Kutxaren ordezkaria, azaroaren 5ean, Azpeitian, lankidetza hitzarmena sinatzen.

AzpeitiKoop-ek eta LABORAL Kutxak 2028 bukaera arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, Azpeitian kooperatibismoa gehiago indartzeko asmoz. AzpeitiKoop-ek sustatuta edota lagunduta herrian sortzen diren kooperatibei 1.000 euroko laguntza emango die LABORAL Kutxa finantza entitateak —kooperatiba haiek bere bezero bihurtuko dira—. AzpeitiKoop-i urtero 2.000 euro emango dizkio, eta bertako bazkide egin da.

Hain zuzen, bi erakundeek azaroaren 5ean sinatu zuten hitzarmena, Azpeitian: LABORAL Kutxatik, Jennifer Orbegozo Manterolak, eta AzpeitiKoop-etik, Mikel Ugarte Kontseilu Errektoreko kide eta langileak.

AzpeitiKoop-ek aurtengo ekainean egin zuen aurkezpen ekitaldia, askotariko eragileen arteko prozesu baten ondorioz sortu ostean. Haren ildoetako bat da herrian kooperatiba berriak sortzea edo dauden ideia eta egitasmoak kooperatiba bihur daitezen laguntza ematea, betiere helburutzat onura soziala eta ekonomikoa izanda. Azpeitian kooperatibismoa sustatzeko ekinbideak ere prestatzen ari da; adibidez, aste honetan bertan, kooperatibista berrientzako harrera plana aurkeztu du, Lurgintzarentzat egindakoa. LABORAL Kutxaren xedeen artean dira, besteak beste, ongizatea eta ekintzailetasuna sustatzea.

AzpeitiKoop-ek Azpeitiko Udalarekin eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin ere lankidetza hitzarmenak sinatuta ditu.

Zortzigarren kooperatiba bazkide

LABORAL Kutxaz gain, AzpeitiKoop-en bazkide dira beste zazpi kooperatiba: Artxara, BiziK, Ekindar, Ikasberri, Kulturaz, Lurgintza eta UKT; zehazki, proiektuaren sorrera prozesuan parte hartu zuten zazpi haiek. Udazkenean bazkidetzako lehenengo kanpaina publikoa egingo du AzpeitiKoop-ek, eta herritarrei, elkarteei eta beste kooperatibei zuzenduko zaie.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude