Azpeitia, 2026ko ekainaren 11(a)
azpeitiKoop sortu da, Azpeitian kooperatibismoa indartzeko proiektua
Eragile askok hartu dute parte prozesu batean: herriko kooperatibek, udalak, norbanakoek… azpeitiKoop eratzeko erabaki hartu eta egitura sortu ondoren, ekintza plana onartu dute. Kooperatiba berriaren aurkezpena datozen asteetan izango da.

Azpeitian kooperatibismoa indartzeko proiektu bat sortu da: azpeitiKoop kooperatiba. Herriko hainbat kooperatibak, udalak, norbanako batzuek eta bestelako eragileek eta Mondragon Unibertsitateak egindako prozesu baten ondoren sortu da, eta datozen asteetan egingo du aurkezpen publikoa, ekitaldi baten bidez.
Prozesuan zehar sareko hiru batzar ez-publiko egin dituzte. Azpeitian oso garrantzitsua da ekosistema kooperatiboa, baina prozesuko kideei garrantzitsua iruditu zaie elkar ezagutza handiagoa izatea eta sarea osatzea. Kooperatiben artean industria, lehen sektorea, hezkuntza, kultura, energia, kirola eta komunikazio arlokoek hartu dute parte prozesuan.
Duela zenbait hilabete hartu zuten azpeitiKoop eratzeko erabakia, eta proiektuaren oinarriak onartu zituzten. Geroztik, egitura sortzen aritu dira, eta lehengo astean jo zuten ontzat 2026ko ekintza plana.
azpeitiKoop-ek egun batzuk barru jakinaraziko du noiz eta non izango den aurkezpena. Orduan emango ditu proiektuaren xehetasun gehiago (helburuak, ildoak, izaera, bazkidetza…).
