Azpeitia, 2026ko maiatzaren 04(a)
Proiektua
Azpeitian oso garrantzitsua da ekosistema kooperatiboa. Tradizio handia dago; aspaldi sortutako kooperatibak daude, eta berriak ere bai. Askotariko kooperatibak dira, eta ikusten da kooperatibismoak funtzionatzen duela, bai balioetan (logika sozialak, molde humanoagoak, gertuko erabakiguneak…), bai emaitzetan.
Dena dela, betiere garrantzitsua da arloko eragileek elkar ezagutza handiagoa izatea eta kooperatibismoaren izpirituari indarberritu bat ematea.
Hala, Azpeitian kooperatibismoa indartzeko prozesua egin da. Bertako kooperatibak, udalak, hainbat norbanakok eta bestelako eragileek, eta Mondragon Unibertsitateak hartu dute parte, eta azpeitiKoop kooperatiba sortzea erabaki da.
Prozesuan eragile desberdinak egon arren, batera pentsatzeko ariketa egin da.
azpeitiKoop-en helburuak dira:
-
Azpeitian kooperatiba komunitatea osatu eta indartzea.
-
Onura soziala eta ekonomikoa bilatzea
-
Herria eta herritarrak eraldatzen jarraitzea.
Bi ildo dauzka proiektuak:
-
Batetik, kooperatiba berriak sustatu nahi dira. Hau da, egitasmo berriak lagunduz eta bultzatuz, eta martxan edo hasteke dauden ekimenek kooperatibismorako pausoa eman dezaten lagunduz.
-
Bestetik, kooperatibismoa indartzeko ekintzak egingo ditu azpeitiKoop-ek, eragileekin elkarlanean: hezkuntzan, komunikazioan, sustapenean, transmisioan…
Izaera praktikoa izango du, eta progresiboa izango da proiektuaren garapenean eta aliatuetan.
azpeitiKoop-ek bazkidetzan hiru figura finkatu ditu: bertako kooperatibak; norbanakoak eta azpeitiKoop-eko langilea(k).
Prozesu zabal baten ondoren prestaketa lanak eginda, abian da azpeitiKoop kooperatiba. Herri proiektu bat.
